XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

diskoak

Garage-pop gordina

Euskal Herrian biran izango da asteburu honetan Los Buges taldea: gaur bertan Gasteizen, bihar Bilbon eta etzi Donostian.

Bisitaren helburua da Atomic lan berria aurkeztea. Doctor Explosion bezala, Asturiaskoak dira Los Bugeseko lau partaideak.

Horretan ez ezik, musikalki ere gauza askotan bat egiten dute bi taldeek, batez ere 60ko eta 70eko hamarkadetako doinuekiko zaletasunean.

Los Bugesen hirugarren diskoa da Atomic. Madrilgo Roto Records utzi eta Bartzelonako Al.leluiarekin grabatzen duen lehena.

Paco Loco herrikidearen estudioetan grabatu dute eta Paco bera izan da ekoizlea.

Aurreko lanen aldean, soinua gordinagoa da, gitarra distortsio zikinez betea.

Ekoizpen gutxiko lana egin dute, indar handiko abestien mesedetan.

Power pop kantu ederrak (Summer long. BBB baby), melodia bikainak (You don't know), psikodelia eta intentsitatea (Nowhere land, Beatle boots, ¡Cuádrate!), Garage-punka (Pistola), pop hutsa (Invitation to die), punk-rocka (I don't wanna be like ioia) eta hardcore abiadura (Sweet pain) dira Atomic hau erakargarri eta gozagarri egiten duten osagaietako batzuk.

Flamenkoa denon eskura.

Hori da bilduma honen helburua. Flamenkoa iraganari lotutakoa eta adituek soilik uler dezaketen musika delakoan Espainian zabaldutako irudipena gezurtatu nahi du, eta horretarako azken urteotan indartsu agertu diren artista gazteak (eta hain gazteaz ez direnak) biltzea baino modu egokiagorik ezin topatu.

Euskaldunontzat ere, bilduma honek antzeko funtzioa bete dezake, euskaraz bizi garenok urtetan baztertutako flamenkoaren kultura eta musikarekin ere goza dezakegula erakusten baitigu

Flamenkoaren gaur egungo izen nagusi guztiak agertzen dira bilduma zabal eta osatu honetan bi konpaktu dira, guztira bi ordu eta laurdeneko musika.

Bildumaremaren arduradunek flamenko berriaren maisutzat jotzen dituzten lau artistek Paco de Lucia, Manolo Sanlucar, Camaron de la Isla eta Enrique Morente leku nabarmena dute, baina ardatza flamenkoaren ikuspegi ezberdinetako ordezkariek osatzen dute: tradizio jatorrenaren artistak, Carmen Linares, El Pele, Tomatito...-, mestizajearen bidez flamenkoa arrakastatsu bilakatu duten talde handiak Pata Negra, Ketama, Ray Heredia... edota cante-aren balore berriak (El Potito, El Duquende...), besteak beste.